Skip to main content

Talde izaera

Eskola Txikiak dira landa eremuko herri eta auzo txikietako eskola publiko eta euskaldunak. Hezkuntza ikuspegi bat partekatzen dugu eta hori egikaritzeko lanean dihardugu.

Hona hemen hezkuntza ikuspegi horrek barnebiltzen dituen puntu esanguratsuenak:

Eskola herritarra

Eskola Txikion leloa izan da eta da “Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik”. Eskolaren helburu nagusienetako bat da herria bera bizirik mantentzea eta eskubide dugun eskola jasotzeko aukera norberak bere herrian eta auzoan izatea.

Gure eskoletako ikasle eta irakasleek herri edo auzo horren pertenentzia, atxikimendu eta parte-hartze sentimendu indartsua lortzea dugu helburuetako bat. Umeengan herriarekiko erroak eta lotura estua sortzea beharrezkoa du herri batek bere oraingo eta etorkizuneko izana ziurtatzeko.

Horretarako beharrezkoa da maisu-maistrok herriari begiratzea, non gabiltzan eta non gauden ulertzea, eta geure ikasleak non bizi diren, nongoak diren, bizi diren leku horrek eurengan duen eragina behatzea, aztertzea eta ulertzea. Hori eginez, haur bakoitzari ematen diogun hezkuntza eskaintza hobea izango da; hobeto iritsiko gara behar duen hori ematera, baldin eta, bere bizilekua, ingurua, inguru horretako pentsaerak, bizipenak eta sinismenak ulertzen baditugu.

Ez dugu lo-leku idilikorik nahi, herri eta auzo txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Sinesten dugu herri-bizitza duten herrietan; lanbidea, ogibidea izateko aukerak sortzen dituztenetan; naturarekin errespetuan bizi diren herrietan; eta hori guztia bultzatzen duten komunitate kohesionatuetan.

Landa-eremuko herri eta auzoetan kokatzen gara. Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu.  Gure herrietako natur inguruneek, lehen sektoreak eta bertako bizimodu eta ohiturek dagokien lekua izan behar dute gure Eskola Txikietan.

Landa eremuko herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu eta honek horrela jarrai dezan lan egin behar dugu Eskola Txikietan.

Ukaezina da ordea, landa-eremuaren eta gure herri eta auzo txikien identitatea eta hizkuntza errealitatea asko eta azkar aldatzen ari direla, eta beraz, baita gure eskoletako errealitatea ere. Momentu honetan Landa Eremuak dituen erronketako ugari izaerari estuki loturiko gaiak dira. Eskola osatzen dugun kideok Landa Eremuaren parte eta partaide garela sentitu behar dugu eta identitate berri horren eraikuntzan aktore inportante izan behar dugu.

Txikitasuna eta elkarlana

Guzti honetarako, gure eskolek paretetatik kanpora leudeken beste sistemekin etengabeko kontaktuan egon eta elkarlanean aritu behar dute, familiekin, herri erakundeekin edota bestelako elkarteekin..

Eskolan parte hartzen dugun guztion interakzioa aberasgarria dela pentsatuz, komunitate guztiaren elkarrekintza bideratuko duen antolaketa bat egitea hobetsi dugu, eskola ireki eta parte hartzailea eratuz. Herri eskola bat izanik, herriarekin eta herritarrekin batera jardun nahi dugu ikasleen garapen pertsonalean zein sozialean ahalik eta aurrerapen handienak egin asmoz..

Eskola Txikietan txikitasuna mantendu nahi dugun ezaugarri propioetako bat da. Argi daukagu txikitasun kualitatiboa soilik dagoela gure eskura. Izan ere, txikitasun kuantitatiboa, herrietako biztanleen  hazkundearen eta galeraren baitan dago ia osoki.

Gutxi izateak ematen dituen abantailak kontuan harturik, ezaugarri horiek mantendu egin nahi ditugu, babestu hazkundearen momentuetan ere, gure izaera propioa tamaina horrek sortzen dituen erlazio sozial zein naturalek ematen digutela uste baitugu.

Talde txikia izateak ematen digu elkar ondo ezagutzeko aukera, elkarrekin begirunezko harreman bereziak sustatzeko aukera, batak bestearen berri xehetasunez, eta behar denerako, jakiteko aukera. Horri esker, gure eskola komunitateko kideak kolektibo baten partaide bezala zaindu ditzakegu, baina, zenbait momentutan behar indibidualak zainduz, hartzen ditugun erabakiek guztiengan izango dituzten ondorioak ahalik eta ondoen pentsatuz. Honi esker, errazagoa izango da guztiontzat ona den eskolak izatea, benetako inklusiorako estrategiak garatzea.

Gutxi izateak ematen dizkigu, baita ere, inguru naturalarekin harreman zuzenagoak izateko aukera amaigabeak. Gure testuinguru naturalak, gure eremu geografikoa ikasteko iturri amaigabea izan daiteke Eskola Txiki batean. Horretarako, ordea, antolaketa eta erabakiak malgutasunez hartzeko jarrera eta ohitura sustraitu behar dugu berriro ere Eskola Txikietan.

Adin aniztasuna

Adin aniztasuna ezaugarri duen eskolak, aniztasuna aberastasuna dela uste duenak, indibidualtasunak ulertu behar ditu, eta horrek, ikas prozesu eta curriculumarekiko ikuspegi propio bat izatera behartzen gaitu. Ikas prozesuak, curriculuma garatzeko egin behar ditugun ibilbideak pertsonalak dira, bakoitzarenak, intransferibleak. Horretarako, beraz, egoera anitzak eskaintzen ahalegindu behar dugu eskolan. Eta horretan ez dago denbora zehatzik. Eta denbora zehatzik ez dagoenez, ez dago ikas maila bati dagokion jakintzarik, abileziarik, ikasteko gairik… Beraz, adin aniztasunak, ikas prozesuen pertsonalizazioa ulertzeko, onartzeko eta aprobetxatzeko bideak ematen dizkigu, eta gure saiakera horiek ahalbidetzea da.

Denbora ere pertsonalizaziotik ulertzen saiatu behar dugu. Bakoitzak bere denbora beharko du prozesu horretan, batzuk asko, beste batzuk gutxi, baina irakasle eta familiek hori ikusi eta onartu egin behar dugu, denborak azkartzearekin ez baitugu mesederik egiten.

Adin aniztasunak, aukera ematen digu, adina ahazturik, ikas prozesuaren momentu beretsuan egon daitekeen edonorekin elkartzeko. Honetarako, taldekatzeek malguak izan behar dute.

Adin aniztasunak ikas prozesu anitzak egon daitezkeela, denbora ezberdinetan eginak eta interakzio ezberdinetatik sortuak ulertzen laguntzen digunez, ikasleen arteko konpetibitatea gutxitu eta kooperaziorako bideak irekitzen ditu.

Inklusioa, guztion eskola

Adin aniztasunaren ikuspegi hau hezkuntza inklusiboarekin lotzen da zuzenean. Hezkuntza inklusiboa jarrera bat da eta modu horretan bizi dugu. Ikasle guztiei ahalik eta modu onenenan erantzutea, guztiengana iristea, bere eguneroko errealitatea zein den jakitea eta informazio horrekin bere ikaste prozesua ahalik eta onena izan dadin lortzea bultzatzen ditugu horretarako..

Gure eskola, guztion eskola da eta ez da inolako bazterkeriarik onartuko eta ezberdintasunak ezberdintasun gizarte elkarguneak sortzeko helburuz arituko gara.

Hori horrela, beharrezkoa izango da gure eskolara datozen ikasle guzti guztiek euren garapen afektibo, sozial, intelektual eta fisikoak ahalik eta gehien garatzeko moduko bideak aurkitzea. Garrantzitsua da norbanako bakoitzak arrakasta izatea, bizitzako alor guztietan dituen indarguneak areagotuz eta dituen ahulguneak gutxituz edo onartuz.

Aniztasuna ulertzeko modu desberdinak egon daitezke. Gure kasuan, daukagun aniztasun guztia aberasgarria dela pentsatzen dugu. Hori dela eta, ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara eskolan, norbanakoak izan dezakeen edozein gaitasun beste edozeinen parean jarriz.

Horregatik, umeek adierazteko erabili ditzaketen lengoaia guztiak maila berean onartzen, baloratzen eta aprobetxatzen ditugu, ikasleen interesak asetzen laguntzen dugu, ikasleen izaera errespetatzen dugu, arrazoi anitzen ondorioz sortutako ezberdintasunak konpentsatzen ahalegintzen gara.

Konpentsazioaren bide honetan garrantzitsua izango da ikasle guztiei gizartean parte hartze aktibo bat izateko beharrezkoak izango dituzten oinarri kulturalak ematea. Gure eskolan zuzenean arduratu nahi dugu gure gizartearen errealitatean bizitzeko eta parte hartzeko beharrezkoak diren alfabetizazioekin (ideia hau gerora garatuko da).

Ardatz metodologikoak

Ikuspegi konstruktibista eta haurrarekiko begirada

Konstruktibismoa ikaste prozesua azaltzen duen teoria filosofiko pedagogikoa da. Teoria honen arabera, ikaslea bera da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena, eta horretarako, aurreko jakintza eta trebezietatik abiatzen da jakintza berria ikastera. Beharrezkoa da, beraz, haurra ikaste prozesu hori ahalbidetuko duen egoera esanguratsuetan eta ezberdinetan kokatzea.

Horrela, haurra izango da bere ikasketa prozesuko protagonista eta irakaslearen eginkizun nagusia izango da ikaslea bera ezagutzea, eta horrekin batera, ikasle horrek garatzeko eta ikaskuntza prozesuan aurrera egiteko behar dituen egoera didaktikoak, espazioak, denborak eta baliabideak aukeratzea eta antolatzea. Eskaintzen edo proposatzen den horrek ikasleen interesekoa eta beraientzat esanguratsua behar luke izan, horri esker lortzen baita ikaslearen ikaste prozesua benetan esanguratsua izatea eta jakintza, abilezia edo gaitasun berria barneratzea.

Ikasleari ardura, autonomia eta konfiantza aldi berean eskaini eta sentiarazi behar dizkiogu bere ikaste prozesuan: konfiantza, egingo duen hori baliagarria eta egokia izango dela sentiaraziz; autonomia, bere kabuz eta bere moduekin egiten onartuz eta utziz; eta ardura, eskatutako lanaren erantzukizuna ulertaraziz

Eskola Txikietan haurren parte hartzeari garrantzia berezia ematen diogu. Horren ondorioz, beharrezkoa izango da maisu-maistrok, hala dagokigunean entzule eta behatzaile rola hartzea. Haurrek egiten eta esaten duten horretara adi egon behar dugu eta aintzat hartu behar dugu. Oinherrik aldarrikatzen duen bezala, haurra bere bizitzari buruz erabakiak har ditzakeen eta bere ingurunean eragin dezakeen gaitasundun gizarte-aktore bat dela aitortzen dugu. Horregatik, gure eskoletako erabakiguneetan parte hartzeko aukerak bultzatu behar ditugu.

Kooperazioa eta interakzioa beharrezkoa da

Ikaste prozesua eraikitzen duena ikaslea bada ere, hori gertatzeko, interakzioa beharrezkoa izango da.

Hasteko, ikaste objektuarekiko interakzioa aipatu nahi genuke. Horretarako, ikaslea ikasten ari den jakintza, abilezia edo gaitasuna erabiltzeko moduko egoerak pentsatu eta antolatzen ditugu. Hori dela eta, interakzio hori benetan gertatu dadin, curriculumaren antolamendua gertukotik abiatuz  prestatzen dugu, ikaslearen ingurunean  edo hurbilean dagoenetik abiatuz.

Ikasleen arteko interakzio sozialari ere garrantzi handia ematen diogu. Elkarrengandik eta elkarrekiko interakzioan ikasten dutenak eragin handia du euren garapen prozesuan. Horregatik, adin ezberdinetakoak diren ikasleen arteko taldeak ditugu eskolan, baina, aldi berean, ikastaldeen arteko interakzioa ere bilatzen dugu.

Amaitzeko, ikasleak irakasleekin izango duen interakzioa ere zaindua, prestatua eta aberasgarria izan behar dela pentsatzen dugu. Irakasleak izan beharko du haurrei erronkak planteatuko dizkien pertsonetako bat, euren garapenean aurrera egiteko biderik onenak deskubrituz.

Interakzioa eraginkorra izan dadin, lanaren planteamendu kooperatiboak egin behar ditugula pentsatzen dugu. Kooperazio hau ikasgelatik kanpora eraman nahi izaten dugu, hau da, herrira, auzora. Eta herritarrekin eta auzokideekin ere kooperatzeko eta interakzioa sortzeko moduko bideak bilatzen ditugu.

Jolasaren kultura

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak esan ohi duenez, jolasak berebiziko garrantzia du. Munduaren konplexutasunaren aurrean jartzen da haurra, mugarik ez duen jakin-minarekin, dakienarekin eta ez dakienarekin. Eta baita jakin nahi duenarekin ere. Baldintza batzuen barruan, askatasunez aritzen da jolasean, egin ezin duena asmatu egingo duelako.

Jolas espontaneoa eta bat-batekoa, haurraren iniziatibatik abiatzen dena, helduen ikerketa zientifikoaren, arte sorkuntzaren edo mistikaren parekoa da. Jolastea denboran galtzea da, eta munduarekin topatzea. Jolastea gozamena da eta gozatuz ikasten dugu, gozatuz garatzen gara..

Eskolaren egitekoa: alfabetizazioa

Konpetentziak, gaitasunak, helburuak, edukiak, oinarrizko jakintzak, irizpideak, adierazleak… hezkuntza lege eta dekretu dantzarekin batera gure ahotan aldatuz doazen kontzeptuak ditugu. Eskola Txikietan, indarrean dauden dekretuak albo batera utzi gabe, alfabetizazio kontzeptuari heldu nahi genieke.

Wikipediaren arabera, alfabetatzea komunitate batean edo herrialde batean, giza-talde handiei idazten eta irakurtzen irakasteko ekintzari esaten zaio. Unescok Helduen Irakaskuntzaren inguruko Bosgarren Nazioarteko Batzarrean pertsonaren oinarrizko eskubide bezala definitu zituen trebezi horiek. Eskola Txikietan alfabetatzea irakurtzea eta idaztea baino trebezia eta jakintza gehiago garatzeko aukera bezala ulertzen dugu eta herriatar aske eta kritiko izateko tresnatzat ditugu.

Eskolaren egiteko nagusia, haur guztien oinarrizko eskubide den alfabetatze prozesua horretan bidelagun eta laguntzaile izatea izango da.

Hauek dira Eskola Txikietan bultzatu beharko genituzkeen alfabetizazioak:

  • Ongizate fisiko, emozional eta sozialerako alfabetizazioa
  • Hizkuntzetan alfabetizatzea
  • Matematiketan alfabetizatzea
  • Zientzietan alfabetizatzea
  • Arteetan alfabetizatzea
  • Digitalki alfabetizatzea
  • Heziketa fisikoan alfabetizatzea

Alfabetizazio eta ikas prozesuak: IKAS PROZESUAK

Alfabetizazioaren ikuspegia:: ALFABETIZAZIOAREN IKUSPEGIA.pdf

Maisu-maistron esku-hartzea

Maisu-maistron jarduna, erabakiorra da ikasle guztien ikaste prozesu osasuntsu, aberats eta arrakastatsu bat izateko; gure jokabideek eta rolek zuzenean eragiten dute ikaslearen bizipenetan, emozioetan, eta ondorioz, ikas prozesuetan.

Hona hemen Eskola Txikietako maisu-maistron rol garrantzitsuenak:

  • Heldu alfabetatuaren rola
  • Arreta pertsonalizatua eskaintzearen rola
  • Behatzailearen rola
  • Talde dinamizatzailearen rola

Maisu-maistra taldearen funtzio nagusietako bat egoerak, interakzioak, espazioak eta denborak ikaskuntzak ahalbidetzeko moduan antolatzea da.

Irakasle funtzio eta rolak: IRAKASLE FUNTZIOA.pptx

Ikasle guztiak irakasle guztion ardura dira

Gure printzipioak gauzatzeko eta epe luzera markatu ditugun helburuak lortzeko, estrategia nagusitzat ikusi dugu ikasle guztiak irakasle guztion ardura direla sentitzea eta hori gertatzeko eta moduko antolamendua bultzatzea. Ez baita berdina bi begik edo seik ikusten dutena, beraz, aniztasunari erantzuteko modurik eraginkorrena talde lan emankor eta koordinatu bat egitea izango dela pentsatzen dugu. Eskola Txikietan ikasle guztiak irakasle guztionak direla sentitzen dugu eta euren garapenarekin konprometituak sentitzen gara irakasle guztiok ikasleak eskolan sartzen direnetik amaitu artean.

Ebaluazioaren ikuspegia

Gure eskolak benetan inklusiboak izateko eta guztiontzat onak diren eskolak izateko oinarrizko tresna da ebaluazioa.

Guretzat, hauek dira ebaluazioaren hiru helburu nagusiak:

  1. Ikaslea ikaste prozesuaren zein fasetan dagoen jakitea
    1. Umeen ezagutza on bat lortzea
    2. Aurrera egiteko behar dituen laguntzak ezagutu eta horren araberako eskaintza egitea
    3. Bakoitzaren garapen erritmoa errespetatzea
  2. Ikasleen ikaste prozesua erregulatzea
    1. Zein laguntza behar duen jakitea.
    2. Ikasteko erabiltzen dituen estrategiak aprobetxatzea
    3. Irakasleon laguntza umearen beharretara egokitzea
  3. Ikaste-irakaste prozesua hobetzea
    1. Eskolan erabiltzen diren lan dinamikak ume guztien beharretara egokitzea.
    2. Ikasleen aniztasuna garapen pertsonal zein kolektiborako aprobetxatzea.

Helburu horiek erdiesteko gure eskoletako ebaluazio prozesuek ezaugarri hauek errespetatu beharko lituzkete:

  • Ikaste prozesuaren osagai izatea
  • Pertsonalizatua izatea
  • Inklusiboa izatea
  • Ikaslearen gaitasunak (eta zailtasunak) azaleratzeko gai izatea
  • Anitza izatea eta aniztasuna indartzeko bide izatea
  • Ikaslearen, familien eta irakaslearen arteko interakzioan egindakoa izatea

Ebaluatzeko honako estrategia edo tresna hauek erabiliko ditugu:

  • Ikaslearen eta proposamen didaktikoen etengabeko behaketa eta ikusitakoaren erregistroa
  • Behaketarako ebaluazio irizpideak adostea
  • Konpetentzia bakoitzari lotutako behaketarako ebaluazio irizpideak adostea
  • Informazioaren erregistrorako tresnak pentsatzea, proposatzea eta adostea
  • Irakasleon arteko koordinazioa bultzatuko duten estrategiak adostea
  • Ikasle guztien ibilbidea jasoko duen dokumentua sortzea eta erabiltzea ikasturtez ikasturte modu sistematikoan
  • Irakasleok geure jardunaren ebaluazioa egiteko estrategiak taldean erabakitzea eta erabiltzea
  • Ikasleen autoerregulazioa: ebaluazioaren eta norberaren ikas-prozesuaren kontzientzia eta autoebaluazioa egiteko heztea

Ebaluazioaren ikuspegia: EBALUAZIOA ESKOLA TXIKIETAN.pdf fitxategiaren kopia

Sarea

Euskadiko Eskola Txikiok Sare bat osatzen dugu, koordinatuta gaude eta elkarrekin lanean dihardugu. Eskola txikien egoerari buruzko hausnarketa sakona bultzatzen dugu eta elkarlanerako eta elkarlaguntzarako bideak jorratzen ditugu. Orain arte egindako ibilbidea aintzat hartuz sarearen antolaketa sendotzen eta bide berriak jorratzen dihardugu.

Hona hemen gure sarearen helburu nagusiak:

  • Eskola Txikion Sareran helburu eta lan ildo nagusiak zeintzuk diren adostu eta horiek egi bihurtzeko elkarlanean jardutea.
  • Eskola Txikion sarea osatzen dugun eskolen arteko harremana sendotzea eta elkarrekintzarako eta kooperaziorako bideak pentsatzea eta antolatzea.
  • Eskola Txikietan formaziorako ditugun beharrak diagnostikatzea eta horien araberako formazio planak pentsatzea eta antolatzea.
  • Eskola Txikiok amankomunean ditugun beharrak aztertzea eta horiek asetzeko bideak elkarrekin pentsatu eta proposamenak egitea.
  • Hezkuntza Saileko organo ezberdinekin harremanak diseinatzea eta sistematizatzea Eskola Txikien proiektuari eta ibilbideari jarraipena egiteko, etengabeko ebaluazioa egiteko eta beharrizanak asetzeko biderik egokienak elkarrekin erabakitzeko.
  • Unibertsitateko iker taldeekin batera Eskola Txikien inguruko ikerketak pentsatzea, diseinatzea eta aurrera eramatea, eta horiek gure eskoletan izan beharreko eragina lantzea eta proposamenak pentsatzea.
  • Beste lurraldeetako Eskola Txikiekin zein Eskola Txikien Sarea aberastu dezaketen bestelako sare eta eragileekin harremanak sendotzea, elkarrengandik ikasteko eta elkar aberasteko.

Sarekideen betebehar eta onurak

Sare honetan parte hartzen duten Eskola Txikiek ondoko betebeharrak betetzea eta onurak jasotzea onartu dute:

  • Eskola Txikien Sarean antolatzen diren formazio eta koordinazio mintegietan parte hartze aktiboa izatea. (sarearen motor nagusitzat hartzen ditugunez, zuzendari mintegietan parte hartzea derrigorrezkoa izango da, asistentzia gutxienez %80koa izango da)
  • Eskola Txikiok partekatzen dugun hezkuntza ikuspegia egikaritzeko definitzen diren formazioak, proposamenak eta proiektuak martxan jartzea norberarentzat egokia den erritmo batean eta horietatik sortzen diren materialak eta esperientziak partekatzea.
  • Eskola Txikien Sarea sendotzeko diseinatzen diren dinamiketan parte hartze aktibo bat izatea, eta horretarako propio antolatzen diren ekimen eta lan ildoetan parte hartzea.
  • Ikastetxeko dokumentu ofizial guztietan zein eskolako sarreran Eskola Txikien logoa txertatzea.
  • Gipuzkoako kasuan, eskolako guraso elkartea Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeko* kide izatea, horrek berekin dakartzan konpromisoekin.
    *Gipuzkoako eskola txikien koordinakundea

    Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundea 1993. urtean sortu zen eta, Sarearen motor izan da bere sorreratik. Familiak Eskola Txikien ardatza dira eta maisu-maistrak bezala, saretuta eta elkarlanean dihardute. Gipuzkoako Eskola Txikien koordinakundea 27 eskoletako Guraso Elkarteek osatzen dute.

    Hona hemen Koordinakundearen HELBURUAK:

    • Gipuzkoako Eskola Txikien koordinakundearen helburu eta lan ildo nagusiak zeintzuk diren adostu eta horiek egi bihurtzeko elkarlanean jardutea.
    • Eskola Txikion sarea osatzen dugun guraso elkarteen arteko harremana sendotzea eta elkarrekintzarako eta kooperaziorako bideak pentsatzea eta antolatzea.
    • Eskola Txikietako guraso elkarteek eta beraien hezkuntza komunitateak formaziorako ditugun beharrak diagnostikatzea eta horien araberako formazioak pentsatzea eta antolatzea.
    • Eskola Txikiok eta bertako guraso elkarteek amankomunean ditugun beharrak aztertzea eta horiek asetzeko bideak elkarrekin pentsatu eta proposamenak egitea.
    • Hezkuntza Saileko zein bestelako organo ezberdinekin harremanak diseinatzea eta sistematizatzea Eskola Txikien proiektuari eta ibilbideari jarraipena egiteko.
    • Herri eta auzo txikietan kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzen duten eskolak mantentzea.
    • Herrialdeko beste lurraldeetan guraso koordinakundeak sortuko balira, hauekin harreman eta elkarlanerako bideak irekitzea.

    Helburu hauek lortu ahal izateko hauxe da adostutako funtzionamendu orokorra:

    Zuzendaritza:

    Koordinakundearen zuzendaritzak honako kide hauek izango ditu:

    • Lehendakaria
    • Lehendakariordea: festa arduraduna.
    • Idazkaria – Baikararekin harremanak
    • Diruzaina

    Zuzendaritza taldean eskualde bakoitzeko ordezkari bat egon beharko da. Hona hemen hurrengo urteetan zuzendaritzan egongo diren kideen zerrenda:

    Eskola Txikien koordinakundeko zuzendaritzak

    Zuzendaritza taldea gutxienez urtean 5 aldiz elkartuko da: irailean, abenduan, martxoan, maiatzean eta ekainean

    Bertan eskualdetako bileren prestaketa eta deboluzioa, Eskola Txikien Festaren jarraipena, irakasleen koordinatzaileekin informazio elkartrukea… egingo dira.

    Eskualdetako bilerak:

    Gipuzkoako Eskola Txikiak 5 eskualdetan daude banatuta baina koordinakundeak eskolak 3 zonalde edo eskualdeka banatzea erabaki du:

    GOIERRI

    Ezkio-Itsaso
    Gabiria
    Zerain
    Olaberria
    Itsasondo
    Angiozar
    Abaltzizketa
    Altzo
    Ikaztegieta

    KOSTALDEA

    Aizarna
    Aizarnazabal
    Arroa
    Oikia
    Itziar
    Zubieta
    Aginaga
    Igeldo
    Ereñotzu

    TOLOSALDEA

    Albiztur
    Berrobi
    Bidania-Goiatz
    Alkiza
    Larraul
    Aduna
    Zizurkil
    Errezil
    Lizartza

    Zonaldekako bilera hauek ikasturte bakoitzean hiru aldiz egitea aurreikusten da, hiruhileko bakoitzean behin (urrian, otsailean eta maiatzean gutxi gorabehera). Bertan, zonalde bakoitzeko guraso elkarteen kezka eta beharrak partekatuko dira eta hauek asetzeko bideak topatzen ahaleginduko dira, norbere “praktika onak” elkarbanatuko dira, formazioren bat edo beste antolatuko da… Zuzendaritza taldetan prestatuko dira bilerak eta taldean zonaldeko ordezkari dena izango da bilera hauek deitzeaz eta dinamizatzeaz arduratuko dena.   

    Batzar orokorra:

    Estatutuetako artikuluetan arautua dagoenari jarraituz eta inoiz aurkakoa izango ez delarik, Batzar Orokorra urtean bitan egiteko konpromisoa hartzen da: bata urtarrilean eta ekainean bestea (online). Bilkura hauek federazioaren egoitza nagusian egingo dira, Altzon alegia.

    Koordinakundeko helburuak lortu daitezen eta funtzionamendu egokia bermatu dadin kide diren guraso elkarteek honako KONPROMISO ETA BETEBEHAR hauek hartzen dituzte:

    • Guraso elkarte bakoitzak Eskola Txikietako Koordinakundearekin harremantzeko eta lanerako pertsona arduradun bat izendatuko du eta ikasturte bakoitzaren hasieran bere datuak emango dizkio koordinakundeari berarekin harremanetan egon ahal izateko.
    • Guraso elkarteek konpromisoa hartzen dute, hala egokitzen zaienean Koordinakundeako zuzendaritza taldean parte hartzeko.
      Eskola Txikien koordinakundeko zuzendaritzak
    • Guraso elkarte guztiek, Eskola Txikien Festa bere herrian suertatzen denean antolaketaren dinamizatzaile eta motor izateko konpromisoa hartzen du. Festa beste herri batean denean, bertako dinamiketan parte hartzera eta familien artean dagokion zabalkundea egiteko konpromisoa ere hartzen dute (kamiseten salmenta, autobusak antolatzea, ekimenetan parte hartzea…)
      Eskola Txikien festa non eta noiz.docx
    • Guraso elkarteek konpromisoa hartzen dute zonaldeko bileretan eta urteko batzar orokorrean aktiboki parte hartzeko.

        Amaitzeko, hona hemen Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundearen estatutuak:

        GETGEK-Estatutu berriak.pdf