
Urkipe Herri Eskola
Goiko kale, z.g. Itsasondo
Gure eskolako abestiak dioen bezala, Itsasondo Goierriko mendien magalean kokatzen den herri txiki bat da. 600 biztanle pasatxo ditu eta herriguneaz gain badu eskolari izena ematen dion auzo kuttun bat mendialdean: Urkia auzoa.
Egungo eraikinetik herritar asko pasa dira, belaunaldiz belaunaldi. Eta eraikinari itxuraldatzeko garaia iritsi zaio, eraberritzeko momentua. Herri proiektua izango da eskola berriaren proiektua, izan ere, beste proiektuetan bezala, herriarekin eta herriarentzat jarduten dugu. Eta proiekturik garrantzitsuenean nola ez dugu ba herritarrekin jardungo!
2 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak ditugu gurekin, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetako ikasleak, hain zuzen ere. Guztira 60 eta 70 haur bitartean izan ohi ditugu, eta guretzat horren aberasgarria den printzipio bati erantzuten diogu: adin aniztasuna.
Ikaslea dugu erdigunean eta guretzat ezinbestekoa da ikasle bakoitza bere ikaskuntza-prozesuaz kontziente izatea. Horretan saiatzen gara, euren jakin-minei eta beharrei erantzunez eta euren erritmoa errespetatuz.
“Eskola txiki honekin batera, guztiok handitzen gera. Ume, gazte ta heldu, denok elkarrekin egiten dugu aurrera!”