
Amoroto HLHI
Elexalde z/g 48289 Amoroto
AMOROTO HLHI, Bizkaiko ipar ekialdean dagoen Lea-Artibai eskualdeko Amoroto herrian kokaturik dagoen ikastetxe publikoa da. Hedaduraz herri handia den arren, 400 pertsona inguru bizi dira bertan, auzune eta etxalde ugaritan barraiaturik. Eskola erdigunean kokaturik dago eta gainontzeko herriko zerbitzu gehienak ondoan ditu. Egunero, familia ezberdinen topagune bihurtzen da. Herritargoak estimu handiarekin babesten du eskola, herriari bizia eman eta emango dion bitarteko legez ulertzen baitute.
Herriarengan duen atxikimendua esanguratsua den arren, izatez eskola txikia da. Ikasle kopurua 2022-2023 ikasturtean 31 ikasletakoa da. Haur hezkuntzako etapan 17 ikasle eta lehen hezkuntzako etapan 14.
Eskolak, duela urte batzuk metodologia berritzaileen aldeko hautua egin zuen; proiektu bidezko aprendizaia, mugimendu autonomoa, proposamen bidezko aprendizaia eta tailerrak besteak beste.
Gure eskola txikiak, mundua begiratzeko modu propio bat du. Herriarekin lotua dagoen, eta gertukoa, erosoa eta atsegina den guztion eskola da. Adin aniztasuna aberastasun iturri eran ulertzen duena, inguru hurbilarekin interakzioan dagoena eta eragile guztien eskuhartzea aintzakotzat hartzen duena; guztiona eta guztiontzako den eskola.