
Barrundiako Herri Eskola
Udaletxe plaza, 1 01206 Ozaeta (Barrundia)
2020-2021 ikasturtean ikastetxea sortu zenetik hirugarren ikasturtea osatu dugu Barrundiako eskola txikian. Lehen ikasturte hartan, ikastetxearen obrak amaitzeko zain eta sasoi hartako testuinguru sozio-sanitarioak bultzatuta, denbora asko igaro genuen Orbela baso-eskola izan zen tokian eta Ozaetako herriaren inguruetan.
Hala, ikastetxean lehen ohiturak sortu ziren eta ikastetxea bere identitatea eraikitzen hasi zen, ingurune naturala eta inguru hurbileko bizitzarekiko gertutasuna eta elkarrekintza bilatzen duen eskola bezala, hau da: Barrundiako eskola, izen bereko Arabako Lautadako udalerrian hezkuntza-zerbitzua ematen duen tamaina txikiko eskola publikoa da, lanerako inspirazio-iturri nagusia Gipuzkoako Eskola Txikien sarean bilatu duena eta Arabako Eskola Txikien sarean parte hartzen duena.
Guk ere eskola txiki guztiok partekatzen dugun definizioaren baitan aurkitu genuen gure burua (“Eskola Txikiak, adin aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola publikoak dira, landa eremuan kokatuta daudenak eta, hiru ezaugarri hauen ondorioz, lan hezitzaile on bat egiteko aukera ugari dutenak”).
Ideia honetatik abiatuta, honako oinarri pedagogiko-filosofikoak partekatzen ditugu gainontzeko eskola txikiekin: Guztiontzako ona izango den eskola baten bila abiatzea, aniztasuna aberastasun bezala ulertzea, ikaslea ikaste-prozesuaren erdigunean jartzea (gure praktika bere beharretara egokitzen saiatzeko), ikasle guztiak irakasle guztienak bezala hartzea (eta alderantziz) edo herriari begiratuko dion eskola izatea.
Abiapuntu honetatik guretzako esanguratsuak iruditu zaizkigun ikastetxeetan pertsona eta jakintzaren eraikuntza ikuspegi konstruktibistatik ulertzen dela ikusi dela ikusi dugu, aniztasuna ikas-prozesu aberatsagoak lortzeko aukera bezala hartuz, eta lan egiteko orduan kooperazioa eta elkarrekintza bilatuz. Eredu honek, kasu gehienetan, tailerren edota espazio esanguratsuen araberako antolakuntza eta proiektuen bidezko metodologien itxura hartzen duela ere ikusi dugu.
Beraz, azken bi ikasturte hauetan ikastetxearen eraikinaren barruko dinamiken inguruko gogoetak pisu handia hartu dute gure eguneroko lanean, orain arte batean eta bestean ikasi eta ikusi duguna gure testuinguru propiora egokitzeko ahaleginean: espazioaren antolakuntza eta erabilera, mugimendu autonomoaren saioaren antolakuntza… Eta praktika-gogoetak kateatuz, horretan dihardugu gaur egun.
Egitura borobiltzeko, ikasleen inguruan gauden pertsona helduen arteko parte hartzea, elkarlana eta komunikazioa dugu: Garrantzitsua da hezkuntza komunitateko eragileon arteko komunikazioan elkar-ezagutza eta –aitortza oinarri dituen errespetu eta konfiantzazko giroa izatea (adibidez, familiak eta eskolak elkar osatu eta aberasten duten bi eremu izan behar dutela, alegia). Gure kasuan, aipagarria da, esate baterako, Kilimak guraso elkarteak jantoki zerbitzuaren antolaketa eta kudeaketarako egin duen ekarpena, udalaren laguntzarekin eta irakasleokin elkarlanean: Bazkaria nork bere etxetik ekartzen du eta begiraleen kostua udalaren laguntzarekin ordaintzen da.
Kontakturako datuak
Eskola