
Zeraingo Herri Eskola
Plazaldea z/g, 20214, Zerain
Gure herriko eskola, Zeraingo Herri Eskola da.
Zerain, Euskal Herriaren bihotzean dago kokatuta; Gipuzkoaren hegoaldean, Arabako eta Nafarroako mugetatik oso gertu. Aizkorri mendiaren itzalean, Segura, Mutiloa, Zegama eta Legazpi ditu mugatzat eta hiriburuetatik gertu dago. 270 biztanle inguru ditu eta herri euskalduna eta bizia da.
Zeraingo Herri Eskola ikastetxe publikoa, euskalduna eta landa eremukoa da. Gipuzkoako Eskola Txikien elkarteko kide da eta ezaugarri bereko ikastetxe ezberdinekin sarean lan egiten dugu. Sare lan honen emaitza da urtero ospatzen den Gipuzkoako Eskola Txikien festa.
Aurrez aipatu bezala, Zerain, landa eremuan dago kokatua eta gure ikasleak naturarekin harremanetan hazi eta hezitzen dira, herrira zabalduta dago eskola eta herritarrekin batean burutzen ditugu gure egunerokotasuneko ekintza asko. Publikoa eta euskalduna da, D eredua eta HH 2tik LH 2. mailara arte eskaintzen dugu. Horretaz aparte, ondoko zerbitzuen eskaintza ere badaukagu:
- Jangela
- Garraioa
Eskola Txikia izatean, elkar lanean aritzen dira, bai gurasoak, bai irakasleak eta baita udala ere, eskolak dituen urteroko erronkei konponbide bateratua emateko. Herriko haurrek hezkuntza egoki eta aberats bat izan dezaten, komunitate osoaren parte hartzea ezinbestekoa dela deritzogu. Bestalde, herriko eskola da, eta herriaren izaera eta nortasuna garatzeko, euskalduna izateaz gain, irekia ere izan behar da, herri osoaren parte hartzearekin. Herriko lagunartea bermatuko duen eta herri izaera indartuko duen komunitatea. Eskola hurbil sentitzen dute herritarrek. Udalaren inplikazioa ere oso garrantzitsua dela deritzogu herri eta auzo txiki hauen eguneroko bizitzarako eta gurasoen parte-hartzea Basarte Guraso Elkartearen bidez gauzatzen da.
Gure eskolako ezaugarri garrantzitsuetako bat adin desberdineko ikasleak hartzen ditugula da, eta beraz, gela berean zenbait adinetako ikasleak daude. Hori dela eta, harremanak oso aberatsak dira, eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira.
Berezkoak dituen ezaugarri horiek kontutan izanda, Tailer bidezko metodologia da gure eskolaren lan egiteko modua. Honela, adin ezberdinetako ikasleak nahastuta elkar eraginean lan egiteaz gain, euren interesetan oinarritutako hezkuntza bat eskaintzera ahalbideratzen du. Horretarako, ikasle bakoitzak bere interesen arabera tailerra eta bertako jarduna aukeratzen du. Eta ikasle bakoitzaren garapen prozesua eta erritmoa errespetatuz, hezkuntza erantzun pertsonalizatua jasotzen dute ikasleek.
Amaitzeko esan, gure eskolaren filosofiaren oinarria, zoriontasuna dela. Etorkizuneko pertsona zoriontsu eta ahaldunduak izateko bidea jorratzen laguntzea da gure helburua eta horretan ari gara etengabeko bide honetan.
Kontakturako datuak
Eskola