2023-2024 ikasturteari hasiera
2023-2024 ikasturteari hasiera eman diogu Euskadiko Eskola Txikiek. Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzoak bizirik!! https://youtu.be/izcvQ2wL0r8
Ezkio Itsaso eskolan Eskola Mapa zehazteko prozesuan dihardute
Duela urte batzuk zabaldu zuten Ezkion herri eskola. 2 eta 3 urteko ikasleekin hasi zuten ibilbidea, Udaletxeko ganbaran. Gerora, Eskola berria eraikiz eta Hezkuntza Komunitatearen oinarriak...
Gipuzkoako Eskola txikien topaketa
Martxoaren 10ean Gipuzkoako eskola txikien kirol topaketak ospatuko ditugu Tolosako Berazubi estadioan. Goiz guztiko ekimena izango da eta 3.,4.,5. eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute....
Heizek antolatutako kongresuan parte hartuko dugu
Heize elkarteak antolatutako kongresuan parte hartuko du Jugatx Ormaetxe Gabilondok, Eskola txikietako esperientzia FEDEIP eta FEDADI elkarteetako partaideekin partekatuz.
“Eskola txikiak, oraindik orain, leku atsegin bat direla uste dugu, jendeak elkar ezagutzeko lekua, elkarrekiko ardura eta kezkarako aukera ematen dutenak, eztabaidarako parada eta ikasleak ezagutzeko aukera baliatzen dutenak”
(C. Freinet)







ESKOLA PUBLIKO ETA EUSKALDUNA
Hezkuntza Sailaren administraziopekoak diren heinean, Eskola Txikiak eskola publikoak dira. Hori ez da, ordea, Eskola Txikien publikotasuna finkatzen duen marka bakarra; besteak beste, zerbitzu publikoa, aukera berdintasuna, inklusibotasuna, hurbiltasuna, aniztasuna, kohesio soziala edota laizismoa ere esan nahi duelako publikoa izateak.
Euskaraz bizi eta euskaraz hazi nahi duten eskolak dira. Bertako hizkuntzan bizitzeko hautua egin dugu Eskola Txikietan. Euskaraz ikasteko eta erabileran aurrera egiteko bidean, paper garrantzitsua jokatzen dute Eskola Txikiek.


ADIN ANIZTASUN, ABERASTUN ITURRI
Eskola Txikietan, aniztasuna erabat aberasgarria dela pentsatzen dugu. Horregatik, ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara, norbanakoak izan ditzakeen gaitasunak besteenen parean jarriz.
Beharrezkoa da ume guztiak ezberdinak direla kontuan hartzea eta, aldi berean, baita biziko dituzten ikaste prozesu guztiak ere ezberdinak izango direla ulertzea ere.
Adin aniztasuna da Eskola Txikiok elkartzen gaituen talde proiektuaren oinarri nagusia. Adin ezberdinetako ikasleak elkartzeak interakzioa aberastu egiten du; pentsaera, estrategi, bizipen jarrera anitzagoak sorrarazten ditu; ikasleen arteko harremanak errealagoak egiten ditu, kooperazioa indartzeko eta konpetitibitatea ahultzeko bideak zabaltzen ditu, elkarrengangik eta elkarrekin ikasteko ditugun aukerak areagotzen ditu… Azken finean, inklusiorako bideak zabaltzen ditu.


INGURUAREKIKO INTERAKZIOAN
Gure eskolek, eraikinetatik kanpora dauden beste sistemekin etengabeko kontaktuan egon behar dute; familiak, herri erakundeak, elkarteak…, hezkuntza ez formalean eragin dezaketen talde ezberdinekin hartu eman eta elkarlanean. Eskolaren ingurune hurbila izango da hezkuntza baliabide esanguratsuena.
Beharrezkoa da, gainera, markatu ditugun helburuak betetzeko herriari begiratzea, non gabiltzan eta non gauden ulertzea, eta geure ikasleak non bizi diren, nongoak diren, bizi diren leku horrek eurengan duen eragina behatzea, aztertzea eta ulertzea. Hori eginez, pentsatzen dugu, haur bakoitzari ematen diogun hezkuntza eskaintza hobea izango dela; hobeto iritsiko gara behar duen hori ematera.


GUZTION ESKOLA
Gure eskolen printzipio nagusi, guztion eskola izatea da. Eta printzipio honi jarraituz gure eskoletan ez da inolako bazterkeriarik onartuko eta gizarte elkarguneak sortzeko helburuz arituko gara.Hori horrela, beharrezkoa izango da gure eskoletara datozen ikasle guzti guztiek euren garapen afektibo, sozial, intelektual eta fisikoak ahalik eta gehien garatzeko moduko bideak aurkitzea. Gaitasun hauen garapena ikasleen zoriontasunerako bidetzat ikusten dugu.
Gure eskolak ikasleen aniztasuna aberastasun gisa bizi du, umeek adierazteko erabil ditzaketen lengoaia guztiak maila berean onartzen, baloratzen eta aprobetxatzen ditu, ikasleen interesak asetzen laguntzen du, ikasleen izaera errespetatzen du, arrazoi anitzen ondorioz sortutako ezberdintasunak konpentsatzen ditu.
“Guztion eskola”, subjektu askoz osatua dago. Eskolan parte hartzen dugun guztion interakzioa aberasgarria dela pentsatuz, komunitate guztiaren elkarrekintza bideratuko duen antolaketa bat egitea hobesten dugu, eskola ireki eta parte hartzailea eratuz.
“Eskola txikiak, oraindik orain, leku atsegin bat direla uste dugu, jendeak elkar ezagutzeko lekua, elkarrekiko ardura eta kezkarako aukera ematen dutenak, eztabaidarako parada eta ikasleak ezagutzeko aukera baliatzen dutenak” (C. Freinet).

IKASLE GUZTIAK, IRAKASLE GUZTIONAK
Gure printzipioak gauzatzeko eta epe luzera markatu ditugun helburuak lortzeko, estrategia nagusitzat ikusi dugu ikasle guztiak irakasle guztion ardura direla sentitzea eta hori gertatzeko moduko antolamendua bultzatzea. Ez baita berdina bi begik edo seik ikusten dutena, beraz, aniztasunari erantzuteko modurik eraginkorrena talde lan emankor eta koordinatu bat egitea izango dela pentsatzen dugu.


HERRITIK MUNDU ZABALERA BEGIRA
Eskola Txikien helburu nagusienetako bat da herria bera bizirik mantentzea. Eskola oso garrantzitsua da herri batentzat. Hori ezin dugu ahaztu eta herriak bizirik mantentzeko lanean, beste herri erakundeekin ere lanean eta koordinazioan jarraitu behar dugu. Beraz, herri eskola kontzeptua birpentsatuz, etorkizuneko bidea urratzen joan beharko dugu iraganaren erroak presente ditugularik.
Gertukotik abiatzen dira gure eskoletan ikaste prozesuak, gertutik urrutira, herri txikitik mundu zabalera. Inguruarekiko interakzioan bizi garenez, garrantzitsua da, haurren garapen prozesuari norabide hau ematea, gertuko horretan esperimentatzeko aukera emanez, manipulaziorako eta interakziorako bideak zabalduz, pausoz pauso, etorkizunean mundu zabalean mugitzeko eta aurrera egiteko beharrezkoak izango dituzten gaitasunak garatuz.
